IWG PLC enpresa multinazionalak lanerako gune malguak (tamainari eta erabilera-denborari dagokienez) eskaintzen dizkie enpresei. 3.300 gune eta 14 marka baino gehiagoko sarea du mundu osoan, eta 8 milioi pertsona baino gehiagok dute konfiantza jarrita horietan. Bilbon, 3 bulego-gune dituzte; eta horiek eta enpresei ematen dizkieten zerbitzuak (hornidura, garbiketa, paketeria, ekitaldien kudeaketa…) kudeatzeko, talde bat behar dute; pertsona motibatuen, proaktiboen eta gaitasun bereziko pertsonen talde bat.
Horregatik, horrelako pertsonak aurkitzeko hautaketa prozesua ez da erraza; baina beste behin ere Tania Viadas Acebesek, enpresako Community Sales Managerrak, EGAZ Txorierrin jarri du konfiantza bere azken kontratazioetako baterako. Oraingo honetan, gainera, eskualdeko sustapen ekonomikorako eta enplegurako agentziak enpresei behar duten talentua aurkitzen laguntzeko txertatu duen azken tresnetako bat estreinatuz: ‘Talentu Play’.
Hala, EGAZ Txorierrik talde-dinamika bat antolatu zuen IWG PLCrentzat, ingeles-maila altua duen eta bezeroarentzako arretan eta ekitaldien antolaketan esperientzia duen pertsona baten profil oso espezifiko baterako. Bertan, ohiko lan-elkarrizketetan ez bezala, hautagaiak lanposturako garrantzi espezifikoa zuten alderdietan nola moldatzen ziren jakin ahal izan zuen; besteak beste, arazoen ebazpenean, talde-lanean, ingelesaren erabileran eta lidergoan.
Honako hau nabarmendu du Tania Viadasek: “oso tresna interesgarria da, ordubetean hautagaiak ezagutzen dituzulako; eta ikusten duzulako nola komunikatzen diren, egoera desberdinak nola konpontzen dituzten… Jakina, urduri egoten dira; baina dinamika honetan asko ikusten duzu haien inguruan, gero lanean lankide gisa izango dituzten pertsonen moduko pertsonekin nola jokatzen duten; eta, gainera, denbora aurrezten duzu, banakako elkarrizketekin alderatuta”.
Horrela aurkitu zuten Naomi Stiopu. Enpresan duela aste batzuk sartu zen; eta “oso ondo ari da integratzen”, nabarmendu du Viadasek. Halaber, honako hau gaineratu du: “bi aldeak gaude gustura”.
Laneratzen laguntzea eta pertsonen hautaketa erraztea
Tania beste batzuetan ere aritu da elkarlanean EGAZ Txorierrirekin. Hasiera batean, enplegu-zerbitzuaren erabiltzaile gisa; horri esker, gainera, eskualdean enplegu bat aurkitu zuen, profesionalki hazteko eta agentziarekin harreman hurbila izateko aukera eman diona (oraingoan, enpresaren aldetik). Hala, EGAZekin elkarlanean aritu da hainbat ekitalditan: Hazilanen hitzaldietan (lan-merkatuan kokatzera bideratutako gaitasunak lantzeko programan) eta networking jardunaldietan; eta hain emaitza onak eman dizkion pertsonak hautatzeko zerbitzua ere erabili izan du.
Esperientzia honetan, Viadasek bereziki balioesten du EGAZ Txorierriko hautaketa-plataformatik informazio guztia izatea. Horri esker, hautagaien informazio guztia oso modu bisualean eskura daiteke; eta honako hau dio: “gaitasunen araberako curriculumaz gain, bideo curriculuma ere eskura duzu”. Viadasek nabarmendu du formatua oso praktikoa iruditzen zaiola, lan-eskaintzan aurrez egindako galderei erantzuten baitzieten pertsonek. “Ikusi eta entzutea ez da curriculum bat irakurtzea bezala; pertsonak ezagutzeko interesa sortzen da”. Horri gehitu behar diogu haiekin elkarreragin egin ahal izan duela azken talde-dinamika honetan. Taniak argi dauka: oso esker oneko dago EGAZekin, eta ziur dago laster beste pertsonaren bat hartuko dutela.

‘Talentu Play’, hautaketa-prozesuetan laguntzeko tresna berria
‘Talentu Play’ EGAZ Txorierrik enpresen esku jarri duen azken apustuetako bat da; euren hautaketa-prozesuetan laguntzeko apustua, hain zuzen ere. Bi helburu dituen tresna da: batetik, laneratzea erraztea; eta, bestetik, enpresei beren hautaketa-prozesuetan hautagaiek dituzten gaitasun pertsonalak eta profesionalak ezagutzea erraztea.
Horretarako, EGAZ Txorierrik talde-dinamika bat egiten du, enpresaren eskakizunekin eta beharrekin bat datorrena; eta hautaketa-prozesuaren arduradunarekin batera egiten da saio hori, ordubete pasatxoan bi alde interesdunek elkar ezagutzea ahalbidetzen duena.
Pertsonek beren dohainak erakusteko aukera paregabea dute; esperientziarik eza behin baino gehiagotan jarrera positibo eta motibatu batek ordezkatu du.
EGAZ Txorierriren arabera, gakoa da pertsonak ahalik eta naturaltasun handienaz molda daitezkeen “ingurune adeitsua” sustatzea, eta curriculumetik haratago beren gaitasun profesionalak eta pertsonalak erakustea.
