EGAZ Txorierrik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenaren esparruan, Suspertu Digitala zerbitzua jarri du abian eskualdean. Zerbitzuaren helburua da eskualdeko ETE ei prestakuntza, laguntza aditua eta orientazioa eskaintzea, behar zehatzak identifikatzea, erakundearentzako egokienak diren konponbideak aurkitzea, enpresa bakoitzarentzako laguntza eta dirulaguntza egokienak baloratzea, eta, azken batean, neurrira egindako digitalizazio-plan bat egitea, digitalizazio-erronketan aurrera egiteko.
Hortaz, prestakuntza izango da Suspertu Digitala zerbitzuaren oinarrietako bat. 2022 osoan zehar, eta, maiatzean zehazki, hainbat prestakuntza-jarduera egingo dira, online zein aurrez aurre. Bertan hainbat kontu jorratuko dira, hala nola gizarte-egoera berrian plan digitalak duen garrantzia (maiatzak 10 eta 11, online), mekanizazio-tailerren digitalizazioa (maiatzak 13, online), 3D inprimaketadun fabrikazio gehigarria (maiatzak 20, aurrez aurre) eta makinen efizientzia (OEE) hobetzea (ekainak 6, aurrez aurre). Izena emateko epea irekita dago Egaz Txorierriren enpresa atariko “agenda” atalean, eta webgunean aurki daiteke.
Suspertu Digitala enpresa bakoitzaren erritmora eta egoerara egokitzen da, eta digitalizaziorako biderako planak lantzen ditu adituen eskutik, Eraldaketa Digitaleko proiektua sortzeko.
Plan horretan epe ertainean/luzean jarduketa interesgarrienei lehentasuna emango zaie eta hitzartuko dira; gainera, horiek gauzatzeko, EIKT hornitzaileak identifikatzeko laguntza emango zaie. Halaber, enpresa bakoitzaren beharraren arabera, dirulaguntza programak identifikatuko dira.
EGAZ Txorierrik programa hau abian jarri du enpresek digitalizazioaren arloan dituzten erronka berriak ezagutzen dituelako. Gainera, krisialditik berreskuratzeko egituratutako, programatutako eta planifikatutako digitalizazioa lortu behar dute, bat-batean hartutako erabakietatik urrun, izan ere, erabaki horietan oinarritu baita digitalizazioa gaur egunera arte.
Teknologia berritzaileen aplikaziotik harago, “Eraldaketa digitala” edo “4.0 digitalizazioa” beste gauza askotan ere oinarritzen da: negozio-eredu berriak, datuen analisia, bezeroentzako esperientzia paregabeak, prozesu hobetuak, hazteko aukera handiak, eta, oro har, aukera izatea alde batera utzi eta betebehar bihurtu den zerbait.
Egaz Txorierriko enpresa-zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan eta Suspertu Digitalari buruzko informazioa eska dezakete negozioaren eraldaketa digitala garatu, plan digitala lortzeko behar duten aholkularitza eta laguntza aditu digitala jaso nahi duten enpresek eta erakundea lehiakorragoa bihurtuko duten laguntzak eta dirulaguntzak ezagutu nahi dituzten enpresek.
Suspertu Digitalaren helburu dira industria, industriari lotutako zerbitzuak, garraioa eta handizkako merkataritzaren sektoreetako enpresak. Honako hauek daude industria eta industriari lotutako zerbitzuen barruan: erauzketa-industriak, manufaktura-industriak, energia-hornidura, ur hornidura, saneamendu-jarduerak, hondakinen kudeaketa eta deskontaminazioa, eraikuntza (higiezinen sustapena salbu), handizkako merkataritza, ibilgailuen konponketa, garraioa eta biltegiratzea, informazioa eta komunikazioak, jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, administrazio-jarduerak eta zerbitzu osagarriak (segurtasuna eta ikerketa salbu) eta enpresei zuzendutako konponketa-zerbitzuak.
Suspertu Digitala Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak sustatutako Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenaren esparruan bilduta dago, eta Bizkaiko 9 eskualdetan garatzen da aldi berean, bertako udalen eta Garapen Agentzien eskutik: Lea-Artibai Fundazioa; Galdakaoko Udala; Mungialdeko Behargintza; Behargintza Enkartur; Egaz Txorierri (Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio); Inguralde-Barakaldo; Errota Fundazioa; Meatzaldeko Behargintza eta Ermuko Udala.
