Joan den urriaren 14an, Egaz Txorierrin, Sangronizko industrialdearen etorkizunerako funtsezko bilera bat egin zen, eta bertan parte hartu zuten Sondikako Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko, Egaz Txorierriko, Batera aholkularitza-enpresako eta tokiko hogei bat enpresatako ordezkariek.
Topaketan Eko Sangroniz proiektuaren aurrerapenak aurkeztu ziren, poligonoaren jasangarritasuna, lehiakortasuna eta kudeaketa hobetzeko. Industrialdeak hobetzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzen programari ere heldu zitzaion; izan ere, dirulaguntzak jaso ahal izateko, enpresa-jardueraren edo industria-lurzoruaren %50eko ordezkaritza-erakunde bat egon behar da gutxienez.
Helburu horrekin, bertaratutako enpresek Sangronizko Enpresa Elkartearen eraketa bultzatzea erabaki zuten. Elkartearen sorrera azaroaren 12an 8:30etan izango da Sondikako Kultur Etxean 10:30etara.
Prozesu honetan parte hartzeko, enpresa interesdunek aldez aurretik bidali behar dute atxikimendu-dokumentazioa, Egaz Txorierrin eska daitekeena edo posta elektronikoz jaso daitekeena, ahal dela urriaren 31 baino lehen, antolaketa errazteko, baina lehen fase honetan atxikimendu-eskaerak jasotzeko epea azaroaren 7ra arte egongo da zabalik.
Sangronizko Industrialdeko Enpresa Elkartea sortzeko erronka eta hurrengo pausoak
Erronka handinahia da: industrialdeko enpresa-jardueraren edo industria-lurzoruaren jabetzaren %50 baino gehiagoren atxikimendua lortzea, ezinbesteko urratsa etorkizuneko dirulaguntzak eta hobekuntza-proiektuak eskuratzeko.
Egaz Txorierritik eta Sondikako Udaletik dei egin zaie Sangronizko enpresa guztiei lehiakortasuna indartu, zerbitzu komunak hobetu eta administrazio publikoen aurrean ahots bateratu bat sendotzea helburu duen ekimen bateratu honekin bat egiteko.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren esparruan, eskualdeko lehiakortasuna sustatzeko programaren bidez babestutako ekimena.
