Sondikako Udalak eta Sangroniz Industrialdeko Enpresa Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute
Sangronizeko hobekuntzari eta lehiakortasunari bultzada

by | Eka 30, 2026 | Enpresa

Sondikako Udalak eta Sangroniz Industrialdeko Enpresa Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute udalerriko enpresa-gune garrantzitsu horren mantentzea, kontserbazioa eta hobekuntza bultzatzeko. Aldi berean, horri esker, industrialdean kokatutako enpresentzat balio erantsia sortuko duten proiektuak ere sustatuko dira.

Akordio horri esker, abian jarriko dira Jarduera Planean jasotako ekimenak. Plan hori EGAZ Txorierriren, Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateko Ekonomia Sustapen eta Enplegu Zerbitzuaren, eta Batera Aholkularien laguntzarekin egin zen iaz, eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu zuen, Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko programaren bidez. Sangronizen lehiakortasuna, funtzionaltasuna eta erakargarritasuna hobetzeko ibilbide-orria da plana.

Sangroniz industrialdea hobetzeko jarduera plana

Lehenengo neurri gisa, urte honetan lehentasuna emango zaio industrialderako estrategikotzat jotzen diren zenbait jarduera gauzatzeari. Sondikako Udalak 100.000 euroko inbertsioa egingo du asfaltatzeko eta seinaleak egokitzeko, kamioientzako aparkalekuak hobetzeko eta industrialdeko zirkulazioaren noranzkoak optimizatzeko. 2026-2027 bitartean, proiektuan aurreikusitako 5 faseetako lehena gauzatuko da.

Enpresarien Elkarteak, bere aldetik, poligonoko kartelak berrituko ditu eta Sangronizen kokatutako enpresak identifikatzeko seinale berriak jarriko ditu. Horrela, enpresa-esparruaren barruan irudia, irisgarritasuna eta orientazioa hobetzen lagunduko du, 50.000€ inguruko inbertsioari esker.

Jarduera horiei ekiteko, bai Udalak bai Elkarteak eskatuko dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak industrialdeetan inbertsioak egiteko aurreikusten dituen laguntzak.

Lankidetza publiko-pribatua etorkizunari begira

Estibaliz Ordorica Sangroniz Industrialdeko Enpresa Elkarteko presidentearen hitzetan, erakundeak 25 enpresa ditu gaur egun elkartuta, baina industria-arloko jarduera ekonomikoko lurzoruaren %50 baino gehiago ordezkatzen du, enpresa handiak eta txikiak zein jabeak inplikatzea lortu dutelako “Sangronizentzat eta Sondikarentzat hain estrategikoa den proiektu honetan”. Presidenteak Sangronizen lantokia duten enpresa guztiei dei egin die bat egin dezaten eta “Sangronizen etorkizunaren eraikuntzan aktiboki parte har dezaten”. “Batasunak egiten du indarra”, azpimarratu du.

Udala eta Elkartea bat datoz lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratzean, horrela tokiko enpresa-sarearen erronkei aurre egiten baitzaie, poligonoaren lehiakortasuna bultzatzen baita eta Sangroniz gune erakargarri, moderno eta prestatu gisa sendotzen baita, oraingo eta etorkizuneko enpresen beharrei erantzuteko.

Blog

Home