EGAZ Txorierrik enpresei lan erreformak aldi baterako kontratazioei nola eragiten dien argitzen die
Lan‑erreformak eta aldi baterako kontratazioak

by | Mar 2, 2022 | Enpresa

EGAZ Txorierrik enpresei lan‑erreformak aldi baterako kontratazioei nola eragiten dien argitzen die

 

Sondika, 2022ko otsaila. Datorren 2022ko martxoaren 31n indarrean sartuko da lan‑erreforma berria; abenduaren 28ko 32/2021 Errege Dekretuan dago jasota. Lege horrek dituen aldaketen artean, aldi baterako kontratazio‑modalitateetan aldaketa sakonak daude, hala nola “obra‑ edo zerbitzu‑” kontratuak desagertuko dira, eta ekoizpen‑ eta ordezkotza‑gorabeherengatik egindako kontratuen baldintzak ere aldatuko dira.

Erreforma horren aplikazioaren alderdi praktikoei buruz enpresetan sortzen egon daitezkeen zalantza guztiak argitzeko, EGAZ Txorierrik azalpen‑jardunaldi bat antolatu zuen, bertan ehunka enpresek hartu zuten parte. Parte hartu ezin izan zuten enpresek, baina legeria berriari buruz eta horrek kontratazioetan izango duen eraginari buruz zalantzak dituztenek, EGAZekin harremanetan jartzeko aukera dute honako helbide honetan: egaz@txorierri.eu.

Azalpen‑jardunaldian legeak dakartzan aldaketa nagusiak berrikusi ziren eta 2022ko martxoaren 31tik aurrera formalizatutako kontratuetan hasiko dira eragina izaten.

Besteak beste azpimarratzen du aldi baterako kontratazioak bi motatakoak soilik izango direla: ekoizpen‑gorabeherengatik (aurreikusi daitezkeenak ala ez) edo ordezkapen‑gorabeherengatik (lanpostua gordetzearekin, edo lanaldi‑murrizketagatik).

Jardunaldian kontratazio horiei eragingo dioten baldintzak, arrazoiak eta mugak berrikusi ziren; beherapen‑kanpainetako edo oporrak betetzeko kasuetan aplika daitezkeenak.

Halaber, mota horretako kontratuak kateatzeko baldintza berriak zehaztu ziren eta aldizkako kontratu finko berriaren baldintzak azaldu ziren, eskola‑jantokiak zaintzeko langileen, edo mahatsa biltzeko sasoiko langileen kasuetarako.

Heziketa‑kontratu mota berriak

Heziketa‑kontratuei dagokienez, legedia berriak ‘Txandakako heziketa‑kontratua’ (lehengo heziketa‑kontratua) sartu du prestakuntza profesionala, unibertsitate‑ikasketak edo Enplegu Sistema Nazionalaren espezialitate‑katalogoaren prestakuntzaren bat egiten ari diren pertsonentzat. ‘Heziketa‑kontratua praktika profesionala lortzeko’ (lehengo praktika‑kontratua) ere gehitu du titulua eta prestakuntza amaituta duten pertsonei zuzenduta.

Halaber, aldaketarik gabe indarrean jarraitzen dute bestelako aldi baterako heziketa‑kontratuek, hala nola aldi baterako heziketa‑kontratua eta heziketa duala, desgaitasunen bat duten pertsonen aldi baterako kontratua, gizarte‑bazterketa arriskuan dauden pertsonen aldi baterako kontratua, aldi baterako txanda‑kontratua eta erretiro partziala, Administrazio Publikoak egindako aldi baterako kontratua eta kirolarien, BAMEn, goi‑mailako zuzendaritzaren, artisten eta merkataritza‑ordezkarien aldi baterako kontratua.

Aldaketa horiek guztiak indarrean sartuko dira 2022ko martxoaren 31n. Ordura arte, aurreko araudiaren arabera kontratuak formalizatzen jarraitu daiteke. Hala ere, aldi baterako kontratazio horiek ezin izango dute 6 hilabete baino gehiago iraun.

EGAZen tresnak kontratazioan laguntzeko

Jardunaldian hausnartu egin zen enpresek aldi baterako kontratuen alde egiteko arrazoien inguruan, izan ere Europako denborazkotasun‑adierazle altuenetakoa daukagu; lege berriak hori eten nahi du. Enpresen arrazoien artean honako hauek daude: kontratu finkoak formalizatzeko ekonomia‑pizgarri eskasak eta pertsonak modu finkoan kontratatu baino lehenago horiek ezagutzeko beharra.

Zehazki, enpresen beharrizanetara egokitzen diren pertsonak hautatzen laguntzeko EGAZ Txorierrik dituen tresnak gogorarazi zituen, besteak beste konpetentzia bidezko curriculuma eta Enpresen Ataria, hautagaitzen berezko kudeaketarako tresna da, aurrez grabatutako elkarrizketarekin (enpresak hautagaiari galdera batzuk egiten dizkio eta horrek bideo bat grabatuta erantzuten ditu).

Blog

Home