Txorierriko Udaletako Zerbitzuen Mankomunitateko Ekonomia Sustapen eta Enplegu Zerbitzuak, EGAZ Txorierrik, ekintzailetzarako ideien bideo lehiaketaren IV. edizioa antolatu du Politeknika Txorierrirekin batera. Lehiaketaren helburua eskualdeko gazteen enpresa-sormenaren garapena sustatzea da, eta Gaztedi Txorierri programaren Ekintzailetzaren kultura jardueraren barruan dago. Lehiaketa Politeknika Txorierriko ikasle guztiei eta Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika edo Zamudion bizi diren 16 eta 29 urte arteko pertsonei zuzenduta dago; lanak gutxienez 2 pertsonaz osatutako taldeek aurkeztu beharko dituzte.
Lehiaketaren izen-ematea modu telematikoan (http://www.txorierri.net/eu/ekintzailetzarako-ideien-bideo-lehiaketa/) egingo da eta azaroaren 30ean amaituko da, eta parte hartuko duten taldeek beraien bideoak abenduaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dituzte. Bideoak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke, baina azpitituluak izan beharko dituzte beste hizkuntzan. Epaimahaiak hainbat irizpide jarraituko ditu lanak ebaluatu eta horien artean sariak merezi dituztenak erabakitzeko: originaltasuna, sormena, komunikaziorako metodo egokia, aukera-berdintasuna sexuen artean eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen artean, Txorierriko bizitza hobetzen duten proiektuak izatea, tokiko sareetan parte hartzea eta ingurumen-jasangarritasuna. Behin erabakia hartuta, epaimahaiak abenduaren 21ean jakinaraziko ditu irabazleak, eta sarien banaketa 2023ko urtarrilaren 19an egingo da.
Sariei dagokionez, ekintzarako ideien bideo hoberenak produktu elektronikoak erosteko 500 euroko txartela jasoko du, eta bigarrenak eta hirugarrenak 350 eta 150 euroko txartelak lortuko dituzte, hurrenez hurren.
‘Wavers’, aurreko edizioko irabazlea
Aurreko edizioko proiektu irabazleak, ‘Wavers’ izenekoak, neopreno adimentsuak saltzea planteatu zuen. Neopreno horiek, eskumuturreko adimentsu digital baten bidez, surfa egitean segurtasuna hobetuko lukete hainbat funtzioen bidez: larrialdi-kasuetan geolokalizazio zehatza erreskateko zerbitzuei bidaltzea, taupadak neurtzea (pertsonaren egoera fisikoari egoki litzaiokeena) eta larrialdi-kasuetan automatikoki puzteko gaitasuna, flotagarritasuna bermatzeko. Horrekin guztiarekin “kirolean segurtasun abantailak lortuko lirateke, eta gaitasun ezberdineko pertsonek autonomia hobea izango lukete”, azpimarratu zuen talde sortzaileak. Gainera, proiektuak neoprenoak batzeko eta birziklatzeko zerbitzua proposatu zuen, aldaketa klimatikoari aurka egiten laguntzeko, “horrek itsasoan eraginik handiena izango duelako”.
