Joan den ostiralean, abenduak 1, Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, bisita egin zuen Sondikako EGAZ Txorierriko egoitzan.
Bisita Sailak bultzatutako Bizkaia Orekan Sakonduz Estrategian parte hartzen duen eskualde bakoitzeko diputatua egiten ari den bisita-erronda baten barruan kokatzen da.
Bilerak ordezkaritza instituzional handia izan zuen. Diputatuarekin batera, Cristina Mugica lurralde lehiakortasuneko eta kanpo sustapeneko zuzendaria eta Maider Legorburu (BEAZeko teknikaria) egon ziren; Txorierritik, berriz, Esther Apraiz (EUDELeko presidentea eta Derioko alkatea), Iñigo Gaztelu (Larrabetzuko alkatea), Jon Ander Aurrekoetxea (Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateko presidentea eta Lezamako alkatea), Josu Andoni Begoña (EGAZ Txorierriko presidentea eta Loiuko alkatea), Naia Landa (Sondikako alkatea) eta Lander Aretxabaleta (Zamudioko alkatea), Ikerne Zuloaga (Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateko lehen presidenteordea), Alejandro Loustaunau (EGAZ Txorierriko gerentea) eta Ana Sonia Elorriaga (sustapeneko teknikaria) izan ziren.
Bileran, Lehiakortasunaren Behatokitik jasotako informazioa partekatu zen. Informazio horri esker, eskualdearen erradiografia eskura daiteke, eta ongizaterako lehiakortasun-adierazle giltzarrien inguruan duen bilakaera ikus daiteke. Horrela, eskualdeko industriaren eta hari lotutako zerbitzuen lehiakortasuna hobetzeko programak eta ekimenak bideratu ahal izango dira.
Era berean, eskualdeko enpresek Ekonomia Sustapen Sailaren programetan duten parte-hartzeari buruzko datu garrantzitsuenetako batzuk aurreratu ziren, bai eta Egaz Txorierriri emandako finantziazioa ere, enpresentzat erreferentziazko hurbileko eragile gisa indartzeko eta eskualde-lehiakortasuna bultzatuko duten proiektuak garatzeko, hala nola: Suspertze Digitala, Elkarrekin Mundura eta Txorierriko Enpresak Laguntzen, 2023an lortutako emaitzen deskarguarekin.
Informazio hori, Txorierriko industrialdeen egoerari buruzkoa eta Sailaren laguntzarekin industrialde horietan egindako inbertsioei buruzkoa, oinarri gisa erabili zen bertaratuek helburu, ildo estrategiko eta lehentasunezko proiektuei buruz egindako azken hausnarketa bateraturako, Txorierri egunetik egunera lehiakorragoa eta orekatuagoa izan dadin bultzatzen jarraitzeko.
Bizkaia Orekan Sakonduz sarea
Bizkaia Orekan Sakonduz (BOSz) sarea osatzen duten 23 agentzietako bat da Egaz Txorierri, Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdeko lehiakortasunerako eta orekarako gidatzen duen estrategia. Bizkaiko industria- eta zerbitzu-enpresa aurreratuen lehiakortasuna sustatzea du helburu, bai eta toki-garapeneko eragileak gaitzea ere, politika ekonomikoak eskualde bakoitzera egokitzeko eta maila anitzeko gobernantza bat ezartzeko, hainbat mailatako ekintza eraginkorretarako.
