EGAZ Txorierrik, Txorierriko udalen enplegu-zerbitzuak, eskualdeko enpresetan 45 gazte kontratatzea sustatu du, eta horietako 34k lanaldi osoko lan-kontratu mugagabea izango dute. Kontratazio horiek Lanbide-Euskal enplegu zerbitzuaren Lehen Aukera programaren, Txorierrin EGAZek kudeatzen duenaren, bitartez egin dira. Programaren helburua gazteei lan-munduan hasteko eta kalitatezko esperientzia eskuratzeko aukera ematea da. Programa hori kudeatuta, EGAZ Txorierrik era askotako […]
EGAZ Txorierrik Lanbideren Lehen Aukera programaren bidez eskualdeko 45 gazte kontratatzea sustatu du

by | Aza 28, 2023 | Pertsonak

EGAZ Txorierrik, Txorierriko udalen enplegu-zerbitzuak, eskualdeko enpresetan 45 gazte kontratatzea sustatu du, eta horietako 34k lanaldi osoko lan-kontratu mugagabea izango dute. Kontratazio horiek Lanbide-Euskal enplegu zerbitzuaren Lehen Aukera programaren, Txorierrin EGAZek kudeatzen duenaren, bitartez egin dira. Programaren helburua gazteei lan-munduan hasteko eta kalitatezko esperientzia eskuratzeko aukera ematea da.

Programa hori kudeatuta, EGAZ Txorierrik era askotako kontratuak egitea ahalbidetu du, hainbat adar eta sektoretan, hala nola ingeniaritza aeronautikoan, industria kimikoan, eraginkortasun energetikoan, sistema eoliko eta fotovoltaikoen instalazioan, metalurgian eta osasunean. Kontratatuek, bestalde, prestakuntza-maila ezberdinak dituzte, erdi-mailako prestakuntzatik unibertsitate-masterrera bitartekoak.

EGAZ Txorierriko presidente eta Loiuko alkate Josu Andoni Begoña pozik azaldu da Lehen Aukera programako emaitzekin: “erakundeek gazteen kontratazioan laguntzea eta beren karrera profesionalei eta lan-munduan sartzeko prozesuari bultzada bat ematea beti da positiboa“. Bestalde, EGAZ Txorierrik erabiltzaileei ematen dizkien gainerako zerbitzuak azpimarratu ditu: “jendeari ibilbide luze batean zehar laguntzen diogu; curriculuma eta aurkezpen-gutuna diseinatzen laguntzen diegu, beraien gaitasunak hobetzen ditugu HAZILAN bezalako programekin eta etengabeko orientazio-zerbitzua eskaintzen dugu. Eskualdeko enpresekin ere harreman estua dugu eta haien lan-eskaintzak kudeatzen ditugu. Gainera, Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudioko udaletako kontratazio-laguntzak ere kudeatzen ditugu”.

EGAZ Txorierri duela 22 urte hasi zen talentu-aukeraketarako eta bitartekaritzarako prozesuak kudeatzen. Pertsonei orientazioa ematen die beraien gaitasunak identifikatzeko, indartzeko eta transmititzeko. Enpresak kontaktuan jartzen ditu beraien beharrekin hobekien datozen profilekin, eta eskuragarri jartzen dizkie bideocurriculuma eta “Talentu Play” bezalako erremintak. Gainera, enplegagarritasuna bultzatzeko eta kontratazioetarako dirulaguntzak lortzeko programen inguruko aholkularitza ere eskaintzen du.

Programa horietako bat da Lehen Aukera. Horren helburua da 30 urtetik behera dituzten eta Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeen kontratazioa bultzatzea, 3.500 eta 13.970 euro arteko dirulaguntzen bitartez. Laguntza horiek kontratu-motaren, ikasketa-mailaren eta kontratatua izan den pertsonaren generoaren araberakoak dira.

Txorierrin Lehen Aukeraren bitartez egindako 45 kontratazioetatik 34 lanaldi osoko lan-kontratu mugagabeak izan dira, 7 lanaldi osorako aldi baterako lan-kontratuak, 3 lanaldi osorako prestakuntza-kontratuak eta 1 lanaldi partzialeko lan-kontratu mugagabea (30 ordu). Kontratatuen artean 31 gizon eta 14 emakume izan dira, eta denetariko ikasketa-mailak dituzte, erdi-mailako prestakuntzatik unibertsitate-ikasketetara.
Hala, gazteei lan-mundurako bidea errazteaz gain, EGAZ Txorierrik 377.971 euro kudeatu ditu enpresentzako dirulaguntzetan.
Kontratatuak izan direnen profil profesionalei dagokienez, 2023. urteko Lehen Aukera programak hauek barne hartu ditu: osasuna, administrazioa, zerbitzu pertsonalak, industria mekanikoa, elektrizitatea, energia, laneko segurtasuna eta osasuna, arriskuak, kalitatea, merkataritza, informatika, itzulpengintza, giza baliabideak, aeronautika eta ikerketa eta garapena.

Blog

Home