Irailaren 21ean, ostegunean, EGAZ Txorierrik enplegua bilatzeko beste tailer bat egin zuen Sondikan duen egoitzan. Egitasmoaren xedea izan zen parte-hartzaileei enplegua bilatzeko beren gaitasun pertsonalak garatzen laguntzea. Kasu honetan, eskualdeko profil desberdinetako 10 pertsonak parte hartu zuten ekimenean, eta hainbat gai landu zituzten: marka pertsonala sortzea, bideo-curriculuma eta aurkezpen-gutunak, enplegu-kanalak… Gainera, parte-hartzaileek zalantzak argitzeko aukera ere izan zuten.
Oro har, tailerreko pertsonak asebeteta agertu ziren EGAZ Txorierriren zerbitzuarekin, eta hau azpimarratu zuten: “taldeak gertutasunez tratatzen ditu erabiltzaileak eta kasu bakoitzean banakako jarraipena egiten du”. EGAZek laguntza ematen duen ibilbideko puntu desberdinetan zeuden tailerreko parte-hartzaileak. Adibidez, Ana eta José tailerrera joan ziren lan-merkatuan duten posizionamendua hobetzeko eta enplegua bilatzeko trebeziak indartzeko, beren burua nola aurkeztu jakiteko eta laneko elkarrizketa bat nola egiten den ikasteko. Bestalde, Iratxe esaterako, enplegua bilatzeko teknika berriak ikastera bideratuago dagoen puntuan dago; “eguneratzea eta sare sozialetan mugitzen jakitea” du xede. Laster, administrazio eta kudeaketaren arloko 800 orduko ikastaro bat egiteko asmoa du eta prest egon nahi du amaitzen duenerako.
Susana Vidal Hornesek, EGAZ Txorierriko Enplegu eta Prestakuntzaren arloko zuzendariak, erabiltzaileek agentziarekin batera egiten duten ibilbide osoaren garrantzia nabarmendu zuen: “Lehenengo, helburuak eta beharrizanak definitzen lan egiten dugu, puntu hori oinarri hartu eta bide bat diseina dezagun konpetentziak hobetzeko edo eskuratzeko eta lan-merkatuko posizionamendua hobetzeko. Ondoren, hainbat tresna eskaintzen ditugu pertsona bakoitza garatzeko, beren balioa nola transmititu jakiten duten eta laneko elkarrizketa bat arrakastaz gainditzea lortzen duten arte. Azkenik, pertsonak aukeratzeko gure arloak enpresen beharrizanak eta pertsonen talentua batzen ditu”.
Izan ere, 2023. urte honetan, EGAZ Txorierri bitartekari izan da 364 pertsonaren kontratazioan, eta 2.000 lanpostutik gora kudeatu ditu inguruko 420 enpresarekin baino gehiagorekin. “Profilen bilaketa askotarikoa bada ere, enpresek izendatzaile komun bat dute gidari: konpetentzia pertsonal eta profesionalei ematen dieten garrantzia, eta lanpostuarekiko motibazioa eta interesa nabarmentzen dute, baita arazoak konpontzen jakitea eta egokitzeko gaitasuna izatea ere”.
