Makinetatik datuak lortzea, analitika aurreratua eta datuak bistaratzea digitalizazioaren alderdiak dira, enpresei erabaki hobeak hartzen lagun diezaieketenak. Ondo dakite hori ZF Sachs-en, Lezamako lantegian irtenbide horietako batzuk arrakastaz ezarri baititu. Ekainaren 20an, bere jardunbide egokiak eredu izan ziren Txorierri eskualdeko eta Bizkaiko gainerako enpresentzat, lantegia bisitatzeko, teknologia horiek nola funtzionatzen duten zuzenean ikusteko, zalantzak argitzeko eta, horrela, digitalizazio-prozesuan aurrera egiteko aukera izan baitzuten.
Jardunaldia EGAZ Txorierrik eta Bizkaiko beste garapen-agentzia batzuek bultzatu zuten, Gaiarekin batera, Suspertze Digitala eta Oficina Acelera Pyme programen esparruan. Programa horiek Bizkaiko Foru Aldundiak eta Red.es-ek finantzatzen dituzte, hurrenez hurren.
Bertan, Txorierriko eta gainerako eskualde antolatzaileetako hainbat enpresak hartu zuten parte (Ormazabal SLU, Hierros Servando SL, Somek Mecanizados SL, Lantegi Batuak, Batz, Industrias Oja-Rem SL), baita haien agentzietako eta Gaiako arduradunek ere.
Jardunaldian, ZF Sachs-eko zuzendari nagusiak, Thomas Sebulkek, eta kalitate-arduradun eta IOTko arduradunak, David Garciak, beren jardunbide egokiak erakutsi zituzten datuen analisian eta datuen bistaratzean.
Zehazki, ZF Sachs-ek hainbat tresna ezarri ditu, hala nola IoT gailuak, Gatewayren bidez datuak biltzea, datuen analisia (machine learning) ‘low code-no code’ tresnen bidez (KNIME), eta datuen bistaratzea Power BI bidez. Lezamako lantegira egindako bisita bati esker, teknologia eta soluzio horiek bertatik bertara ezagutu ahal izan ziren enpresaren instalazioetan.
ZF Sachs ZF Taldearen barne dago, nazioarteko liderra automobilgintzako sistemetan, eta 168 produkzio-zentro dituena 32 herrialdetan eta 165.000 langile mundu osoan. ZF Sachs España Division Chassis Technology-ren parte da eta Europako OEMS motelgailuak egiten ditu.
Bere arrakasta-kasua eta “jardunbide egokiak” bere eraldaketa digitalean aurrera egiteko interesa zuten beste enpresa batzuentzat topagune izan ziren. Izan ere, jardunaldian Suspertze Digitala eta Oficina Acelera Pyme ekimenak aurkeztu ziren. EGAZ Txorierrik kudeatzen ditu eskualdean, eta hainbat tresna eskaintzen zaizkie enpresei digitalizazioan aurrera egiteko.
ZF Sachera egindako bisita enpresetara egiten den bigarren bisita da, maiatzean Ilunbera egindakoaren ondoren, Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Suspertze Digitala programaren barruan, Gaia Klusterrarekin lankidetzan eta EGAZ Txorierrik bultzatuta eskualdeko enpresentzat.
Beste enpresa batzuen esperientzietara in situ egindako bisiten bidez, digitalizazio-soluzioak hurbildu nahi zaizkie bide horretan aurrera egin nahi duten enpresei. Horrela, programaren beste elementu batzuk osatzen dira, enpresei digitalizazio-plan pertsonalizatuak egiten, haien egoera eta beharrak aztertzen eta horiek ezartzeko ekintza-plana diseinatzen laguntzen dienak.
Urteko bigarren seihilekorako jardunbide egokien bisita berriak aurreikusita daude, baita digitalizazio-konponbideak erakusten dituzten tailerrak ere, horien hornitzaileekin harremanetan jartzeko; eta urtea amaitu arte, digitalizazio-ibilbideko plana bultzatzeko aholkularitza pertsonalizatuak irekita jarraitzen du interesa duten eskualdeko enpresa guztientzat. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo Txorierriko Egaz enpresen zerbitzura ( egaz@egaz.eus| 944536370).
