EGAZ Txorierrik uztailaren 22an Digital Gune Txorierri online jardunaldia egin zuen, enpresa-sarearen erronkak, beharrak eta proposamenak lehen eskutik ezagutzeko, digitalizazioaren eta lehiakortasunaren arloan.
Saioan Derio, Zamudio, Sondika, Loiu, Lezama eta Larrabetzuko 19 enpresetako ordezkariek hartu zuten parte. Bertan ordezkatuta egon ziren jarduera-esparruen aniztasunak —industria eta fabrikazioa, ikerketa eta garapena, ingeniaritza, aholkularitza, merkataritza, garraioa, instalazioak, hondakinen kudeaketa, banaketa farmazeutikoa, elikadura eta ostalaritza, besteak beste— tamaina, prozesu eta heldutasun digital desberdineko enpresen ikuspegiak jasotzea ahalbidetu zuen.
Bildutako ekarpenek diagnostikoa osatzen eta etorkizuneko Txorierriko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren ildo estrategikoak definitzen lagunduko dute.
Adimen Artifiziala, enpresen erronka nagusia
Digitalizazioarekin lotutako erronka nagusien artean honako kontzeptu hauek nabarmendu ziren: automatizazioa, ezarpena, finantzaketa, Adimen Artifiziala, plangintza, ezagutza eta zibersegurtasuna.
Eguneroko zereginetan —hala nola salmentetan, langileen hautaketan edo kudeaketan— Adimen Artifizial sortzailea txertatzea izan zen enpresek gehien aipatutako aukera. Horren atzetik kokatu ziren ekoizpen- eta eragiketa-prozesuen digitalizazioa, baita gaitasun digitalak dituzten profilak aurkitzeko edo prestatzeko beharra ere.
Denbora eta barne-baliabideen falta, oztopo nagusia
Digitalizazioan aurrera egiteko zailtasun nagusia denbora edo barne-baliabide nahikorik ez izatea da, tresna berriak ezartzeko.
Halaber, teknologia-irtenbide egokia aukeratzeko zailtasuna ere oztopo gisa identifikatu zen. Horri gehitzen zaizkio gaitasun digitalak dituzten profilen gabezia, erabakiak matrizean edo taldean zentralizatuta egotea eta tresnen kostua.
Laguntza ekonomikoak, laguntza teknikoa eta prestakuntza
Digitalizazioa bultzatzeko laguntza ekonomikoak izan ziren parte hartu zuten enpresek gehien eskatu zuten babesa. Era berean, laguntza tekniko pertsonalizatua eta langileen gaitasun digitalen prestakuntza indartzea ere behar gisa nabarmendu ziren.
Datorren urtean lehenetsi beharreko ekintzei buruz galdetzean, babes handiena jaso zuten proposamenak honako hauek izan ziren: Adimen Artifizialeko soluzioak ezartzeko laguntza ekonomikoak, digitalizazio-prozesuetan laguntza eskaintzea, eskuragarri dauden tresnei buruzko informazio antolatua eta proiektu pilotuak garatzea.
Ezagunenak diren baliabide publikoak
Eskuragarri dauden laguntzei dagokienez, enpresek adierazi zuten EGAZ Txorierriren bidez ezagutzen dituztela Bizkaiko Foru Aldundiaren trantsizio digitalarekin eta kudeaketa hobetzearekin lotutako programak, baita SPRIren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenak ere.
Parte-hartze giltzarria Enplegu eta Tokiko Garapen Plana osatzeko
Digital Gune Txorierriko ondorioak EGAZ Txorierri Txorierriko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren diagnostikoa egiteko garatzen ari den elkarrizketa, galdetegi eta parte-hartze dinamikekin batera txertatuko dira.
EGAZ Txorierritik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten enpresa guztiei, beren esperientziak, zailtasunak eta proposamenak partekatzeko erakutsitako inplikazioagatik. Haien lankidetza funtsezkoa da lurraldearen errealitatera egokitutako eta Txorierriko enpresa-sarearen egungo zein etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango den Plan bat eraikitzeko.
