Txorierrin Enplegua sustatzeko 3R programaren edizio berri bat martxan da
Berrorientatzea, beste enplegu bat aurkitzea eta lan-aktibazioa

by | Mai 16, 2023 | Pertsonak

EGAZ Txorierrik Txorierrin enplegua sustatzeko 3R programaren edizio berri bat martxan jarri du, besteak beste, honako hauek egiteko: marka pertsonala sortzea, gaitasun digitalen arloan prestakuntza jasotzea, hautagaitza bat aurkezte aldera bideoa egiteko gakoak, enplegurako sare sozialak eta beste kanal batzuk erabiltzea… Programa Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu du eta zenbait jarduketa egingo dira berrorientatzea, beste enplegu bat aurkitzea eta lan-aktibazioa bultzatzeko eskualdean. Jarduketa hauei esker, 2022ko apirilaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra egindako edizioan 72 pertsona laneratu ziren.

Aurtengo edizioaren helburua 100 pertsona baino gehiago artatzea da; horretarako, ekintza- eta zerbitzu-ibilbide oso bat eskainikoa da, banaka zein taldeka. Coaching delakoan eta enplegu-aukerak identifikatzeko tekniketan oinarritutako metodologia erabiliko da, eta horri esker enplegagarritasuna hobetuko da; xede horrez, gaitasun pertsonalak eta profesionalak, kualifikazio teknikoa eta laneratzeko aukerak indartuko dira.

Hala, hainbat ekintza bideratuko dira: laneko berrorientatze-ekintzak, banakako ibilbidea garatzeko; lan-aktibazioa lortzeko taldeko saioak; beste enplegu bat eskuratzeko ekintzak, enpresen prospekzioarekin eta eskariaren eta eskaintzaren bateragarritasunarekin; eta, bestalde, gaitasun digitaletarako prestakuntza-ekintzak.

Programaren aurtengo edizioa apirilaren 1ean hasi zen, eta une hartaz geroztik 22 pertsona artatu dira lanean berrorientatzeko banakako saioetan. Orientazioa jasotzeko interesa duten pertsonek esteka honen bidez izena eman dezakete.

Hurrengo tailerrak
Lan-aktibazioko lehenengo tailerra maiatzaren 18an egingo da, aurrez aurre, eta 5 orduko iraupena izango du. Bertan hainbat kontu jorratuko dira: marka pertsonala eratzea, hautagaitza baterako aurkezpen-bideoa egiteko gakoak, aurkezpen-gutun bat egiteko modua, diseinu digitala baliatzeko aukerak, egungo enplegu-kanalak (sare sozialak) eta horiek nola baliatu, eta, azkenik, etengabeko prestakuntzaren eta prestakuntza-eskaintza aztertzearen garrantzia.

Izen-emateko epea hasi da.

Gaitasun digitalen prestakuntza atalari dagokionez, aurreikusi diren bi ikastaroetako lehena ekainaren 5a eta 20a bitartean egingo da; 60 orduko iraupena izango du eta formatua semipresentziala izango da. Bertan oinarrizko gaitasun digitalak eskuratzeko gakoak eskainiko dira, teknologia digital berriek ematen dituzten aukera berriak probesteko. Izena webgunearen bidez eman daiteke.

72 laneratze aurreko edizioan
Jarduketa hauei esker 2022ko apirilaren 1a eta 2023ko martxoaren 3a bitartean 115 pertsona artatu zituen programarekin aurrera jarraituko dugu. Iazko parte-hartzaileen kasuan, 112 lagunek laneko berrorientatze-ekintzak jaso zituzten eta 102 lagunek, berriz, beste enplegu bat eskuratzeko laguntzak.

Lana bilatzeko 9 tailer antolatu ziren eta 90 lagunek hartu zuten parte (10 pertsona tailer bakoitzeko); eta gaitasun digitaletara bideratutako beste 2 ikastaro antolatu ziren, formatu semipresentzialean. Azken horietan 27 lagunek hartu zuten parte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, eta inguruko 60 enpresari egindako prospekzioa (bisitak eta “Txorierriko enpresen enpleguari buruzko topaketak” izeneko jardunaldiak) kontuan hartuta, % 62,61eko (72 pertsona) laneratzea lortu dugu.

Blog

Home