Enpresak formatu “hibridoko” lanak eskaintzen hasi dira. Industria- eta osasun-sektoreak, lehenengo seihilekoan eskaera gehien izan dituztenetakoak
Berehalakotasuna eta malgutasuna

by | Uztaila 17, 2023 | Pertsonak

“Telelan” edo formatu “hibridoko” lan-kontzeptuak lan-eskaintzak bilatzeko iragazkietan agertzen hasi dira, eta, horrela, enpresen beharrak eta pertsonen egonezinak hurbildu dira; izan ere, pertsonek gero eta gehiago eskatzen dute “malgutasuna eskaintzen dien lan bat”.

Horixe egiaztatu ahal izan du EGAZ Txorierriren pertsonak aukeratzeko zerbitzuak. Urteko lehenengo seihilekoan 1.250 hautaketa-prozesu kudeatu ditu profil askotarako, hala nola “ingelesa dakien erosketa-administrari” edo “exports area manager” lanpostuetarako.

“Hirigintzako arkitektoa”, “community sales manager” eta “software engineer” postuak ere kudeatutako profilik esanguratsuenen zerrendaren buru dira. Zerrenda horren barruan “finantza controller-a”, “kalkulu-ingeniaria”, “ekoizpen- eta erosketa-burua”, “doitzaile mekanikoa” eta “instalatzaile elektrikaria” postuak ere daude.

Profil horiek betetzeko, hizkuntza-ezagutzaz gain, enpresek hautagaitzetan gehien baloratutako betekizunen artean, honako gaitasun hauek daude: ekimena, ardura eta jendetasuna. Halaber, berehalakotasuna ere nabarmentzen da, taldeetarako pertsonak aukeratzeko gehien errepikatutako ezaugarrietako bat baita.

Urteko lehenengo seihilekoan eskari gehien izan dituzten lan-esparruak edo -sektoreak, bestalde, industriakoa (400 lanpostu eskatuta), zerbitzu pertsonalena (172 lanpostu), osasunarena (150 lanpostu), eta ingeniaritza eta informatikarena (145 lanpostu) izan dira. Horrez gain, administrazioa eta giza baliabideak, logistika eta garraioa, merkataritza, ostalaritza, gizarte-hezkuntza eta eraikuntza sektorerako prozesuak kudeatu dira.

20 urte baino gehiago enplegua errazten
Txorierri eskualdeko udaletako enplegu eta sustapen ekonomikoko zerbitzuak 22 urte daramatza pertsonen hautaketa-prozesuak kudeatzen. Enpresak harremanetan jartzen ditu euren beharretara ondoen egokitzen diren profilekin, eta, adi berean, pertsonak bideratzen dituzte euren gaitasunak identifikatu eta indartzeko eta horiek enpresei transmititzeko modua irakasteko.

Prozesu horietan laguntzeko, azken urteetan tresna berritzaileak txertatu dira, hala nola gaitasunen araberako curriculuma, bideo-curriculuma, eta, duela gutxi, ‘Talentu Play’. Gainera, pertsonei tresnak eta orientazioa eskaintzen dizkie hautaketa-prozesuei aurre egiteko eta enpresei gaitasunak transmititzeko aukera ematen duen marka pertsonala sortzeko. Horrez gain, eskualdean programa ugari kudeatzen ditu, hala nola “3R” (berrantolaketa, birkokatzea eta birkualifikazioa), eta, gutxi barru, proiektu bat jarriko du martxan, Hazilan arrakastatsuaren atzekoa, pertsonei gaitasun pertsonal horiek garatzen laguntzeko.

Blog

Home