Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako eta EGAZ Txorierrik garatutako 3R Enplegua Txorierri programak emaitza positiboekin jarraitzen du 2026ko edizioan. Orain arte parte hartu duten 60 pertsonetatik 27k lana aurkitu dute, eta, ondorioz, programaren laneratze-tasa %45ekoa da.
Parte-hartzea ia parekidea da: 31 gizon (%51,7) eta 29 emakume (%48,3). Laneratzearen emaitzek ere antzeko proportzioa erakusten dute: 14 gizonek eta 13 emakumek lortu dute lana, hau da, %45,2ko eta %44,8ko laneratze-tasak, hurrenez hurren.
Profil anitzak eta hainbat sektoretako aukerak
Parte-hartzaileen profil profesionalak askotarikoak dira, eta industria eta ekoizpena, garbiketa, biltegia eta logistika dira ordezkaritza handiena duten arloetako batzuk. Horiez gain, administrazio, elektrizitate, soldadura, mekanizazio, gidaritza, arreta soziosanitario, ostalaritza, hezkuntza, informatika eta energia berriztagarriekin lotutako profilak ere badaude, besteak beste.
Orain arte lortutako laneratzeak ere hainbat sektoretan gauzatu dira, besteak beste, industrian, garraioan eta logistikan, automobilgintzan, arreta soziosanitarioan, zerbitzu tekniko eta energetikoetan eta hiri-zerbitzuetan.
40 enpresa baino gehiagoren inplikazioa
Enpresa-sarearekiko harremana 3R Enplegua Txorierri programaren ardatz nagusietako bat da. Orain arte, 40 enpresa baino gehiago inplikatu dira programan, eta horri esker, lana bilatzen ari diren pertsonen eta enpresen benetako kontratazio-beharren arteko harremana sustatu da.
Prozesu horretan, EGAZ Txorierrik banakako laguntza eta orientazioa eskaintzen die parte-hartzaileei, bai gaitasun profesionalak hobetzeko, bai lan-merkatura sartzeko tresnak lantzeko. Besteak beste, aukerak identifikatzeko, networking-a egiteko eta autokandidatura lantzeko laguntza eskaintzen da. Azken tresna horren bidez, enpresek beren kontratazio-beharretara egokitu daitezkeen profesionalak zuzenean ezagutzeko aukera dute.
60 parte-hartzailerekin eta 70 pertsona gainditzeko aurreikuspenarekin, 3R Enplegua Txorierri programak 2027ko martxora arte jarraituko du, inguruko profesionalen eta enpresen arteko harremana sustatzen eta parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzen.
Izena emateko epea zabalik
Zure hurrengo lan-aukera gaur bertan has daiteke. Eman izena 3R Enplegua Txorierri programan eta eman bultzada zure etorkizun profesionalari.

